XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ezin onartuzkoa

EUSKALDUNAK kasko gogorrak garela errepikatzen dugu erreski zeren-eta akats hori kasik kalitate bat bezala baitaukagu bereziki gure euskaldungoaren biziraupenaz dihardugularik.

Nekezago aitortzen dugu jite bortitzekoak ere garela.

Besteak gu bezain bortitzak direlakoan ote edo berharbada bortitzago? Badaiteke. Gu beti hala garela ez dezakegu uka.

Horrek ez du erran nahi ez dugula jendetasunik: ez eiki! Senpereko jaunen armarriek dioskute Bortitz eta On.

Arras ongi doakigu gisa batez, euskaraz ezarria delakotz, ohargarria ere baita.

Baina bortitz horrek gaur badauka halako botere idor baten kutsu zerbait.

Duela 50 bat urte, ongi ezagutzen dugun barnealdeko herri batetan 7 edo 8 haurren ama bat joan zen konfesatzera.

Hartako doia ezagutu ere dugun apezari aitortu zion ortziralekari gizen eman zuela jatera bere haurñoei. Konfesorrak brauki bota zion: zakur batek ere ez zuen bertzerik eginen.

Apez ozarra, Jainkoak bere lorian duela, nahiz ez zen bakarra eta horrelako ahapaldi bortitzak ez ziren arrado denbora haietan. Dena den, delako ama familiako gaixoak, gure amari erran zionez, handik goiti ez zuen nehoiz jakirik haurrei eman ahal ukan ortziraletan

Gure apezak bortizki jo zuen eta lortu ere beraz bere helburura.

Haatik, horrelako laidorik ez genezake onar egungo egunean, ez behar ere. Eta ez gaitezela has espantuka gu lehengoak baino zibilizatuagoak garela: Zarautzeko hautetsiaren erahilketa aberekeria hutsa baitzaigu, ezin onetsia.

Egintza hori oraino gaitzestekoa duten HB eta Abertzaleen Batasunarentzat bada hor bi gogoetaren gaia

Gehienetan diogu menperatzaileak berak eragin digula jazar gogoa eta ez da dudarik egia dela.

Baina onartu beharrean gaude, asko populu menperatuk, nortasun handiz, burua guk baino hotzago atxekitzen jakin dutela eta ez direla erori ahuleziaren markak baizik ez diren hilketa desohore egingarri horietara.

Beha Katalanak, zer urrats garrantzitsuak ez dituzte eman oraino berriki hizkuntza sailean. Flandriarrak ere eredugarri ditugu: arras behera jaitsiak zirelarik beren hizkuntza eta kulturak salbatzea eta indartzea lortu baitute odol xortarik isuri gabe.

Herri bakoitzak bere azkatasunerako bideak hautatu behar ditu. Gure kasuan, eskas duguna zera da, batasuna, proiektu nazional baten inguruan.

Horrek bakarrik sor dezake iritzi publiko bat gure alde, Herrian eta atzerrian.

Zarautzeko gertakari lotsagarriak eta lehenagoko beste askok, kanpoan genituen laguntzaile hondarrak ere galarazten dizkigute eta barnean luzarako zikindurik gelditzen gara, aspaldian boterean izan beharko genuenak.

ELA edo Elkarri bezalako erakunde zintzoen ahaleginak nahitara suntsituz, etsipena hedatzen dute gure artean eta dena berriz hastea beti eta zailago bihurtzen.

ETAk denbora batez bazterrak ederki atzarrarazi zituen. Baina gaur gure Herria martxan da, ez dago lo.

Herri osoari dagokio bere bideak, urratsak eta helburuak finkatzea.

Gehiengoaren demokrazia hau ez da hainbatekoa, baina hoberik ez da nehondik agertzen. Gaurko bideak, lortu nahi denaren (?) alderantzizkoa erdiesten du: etsaia indartzen, presoen hurbilketa urruntzen eta gure sail guziak oztopatzen baititu.